AZALPENA

ZER DA ARRASATEKO APUNTE BANKUA?

Arrasateko Apunte Bankua Arrasateko ikasleon apunteak elkarbanatzeko txokoa da. Bertan ikastetxe ezberdinetako apunteak aurkituko dituzue eta edozeinentzat daude eskuragarri.

Gainera, apunteak kolektibizatzea denontzat mesedegarria dela dakigunez, norberak bere apunteak elkarbanatzeko aukera ere badauka.

ZERGATIK?

Jakitun gara sistema heteropatriarkatu kapitalistaren mesedetara dagoen hezkuntza sistemak, ikasleok elkarren artean lehian nahi gaituela. Gure ikaskideari lagundu eta gure arazoak elkarbanatzera bultzatu beharrean, elkarren artean mokoka nahi gaituzte.

Gainera, hezkuntza sistema honek ikasleok kurtsoan zehar egindako lana eta ikasitako guztia armairu batean sartzera eta bertatik ez ateratzera bultzatzen gaitu. Soilik guretzat diren apunte eta liburuak ditugula sineztarazten digu. Guk egindako lana gordetzera eta jakintza ez partekatzera bultzatzen gaitu sistema honek.

Baina guk ez dugu horretan sinisten. Guk jakintza denona eta denontzat izan behar dela uste dugu. Horregatik, jakintza askatu behar dugunaren ustearekin sortu dugu apunteak elkarbanatzeko txoko hau. Izan ere, nola eraikiko dugu jakintza kolektiboa elkarren artean partekatu, eztabaidatu, zalantzan jarri, kontrastatu, bildu eta partekatu gabe? Eta, bide horretan, gure aletxoa jarri nahi dugu Apunte Banku honekin.

NOLA SORTU DUGU?

Egia da Apunte Banku hau pandemia mundial batek sortutako krisiari aurre egiteko sortua izan dela. Baina, krisi egoera honetan ikasleok ditugun ohiko arazoak azalarazi besterik ez dira egin. Izan ere, egun batetik bestera lan egiteko era aldatu eta metodologia berri batera ohitu behar izan gara. Egun batetik bestera, etxean geunden bakar-bakarrik ikasten eta norbera bere arazoei aurre egiten. Baina, hezkuntza sistema honek horretara bultzatu nahi gaitu.

Baina, logika horretatik irten eta arazo kolektibo honi era kolektiboan erantzun behar geniola argi izan genuen. Horregatik, pandemia honek sortutako beharrei erantzuteko sortu zen Arrasateko Zaintza Sare Herritarrarekin batera, ikasleon mesedetara egongo zen Apunte Banku hau sortzea erabaki genuen.

No hay comentarios:

Publicar un comentario